Oinarrizko konfiantza
143 (142). Salmoa
Jauna, entzun nire otoitza,
makurtu belarria nire erregura!
Zuzena zarelako eta leiala, erantzun niri!
Ez jo auzitara zeure zerbitzari honekin,
ez baita bizidunik zure aurrean errugabe.
Etsaiak gogor pertsegitzen nau,
bizirik zanpatzen lurraren kontra;
ilunpetan biziarazten nau, behin betiko hildakoak bezala.
Arnasa galtzen ari naiz, bihotza barruan lehor.
Aspaldiko garaiez oroitzen naiz,
zure egintza guztiak buruan darabiltzat,
zuk egindakoak hausnartzen ditut.
Zuregana jasorik ditut eskuak,
zure egarri naiz, lur lehorra bezala.
Erantzun laster, Jauna, arnasarik gabe bainago.
Ez ezkutatu niri zeure aurpegia,
zulora doazenekin bat egin ez dezadan.
Emadazu goizean goiz zeure maitasunaren berri,
zuregan baitut uste on.
Erakustazu jarraitu behar dudan bidea,
zuregana jasoa baitut gogoa.
Libra nazazu, Jauna, etsaiengandik,
zuregan babesten bainaiz.
Erakustazu zure nahia betetzen, zu baitzara nire Jainkoa.
Zeure espiritu ongileaz gida nazazu toki egokitik.
Zarena zarelako, Jauna, gorde nazazu bizirik;
zeure justiziagatik, atera ni larrialditik;
zeure maitasunagatik, suntsi itzazu nire etsaiak,
hondatu nire erasotzaileak,
zeure zerbitzari nauzunez gero.
Otoitzerako testua
(Mt 7, 7-11)
Eskatu, eta emango dizue Jainkoak;
bilatu, eta aurkituko duzue; jo atea, eta zabalduko zaizue.
Zeren eskatzen duenak hartu egiten baitu, bilatzen duenak aurkitu,
eta atea jotzen duenari zabaldu egiten baitzaio.
Zuetako norbaitek, semeak ogia eskaturik, harria emango ote dio?
Edo, arraina eskaturik, sugea emango ote dio?
Beraz, zuek, gaiztoak izanik,
seme-alabei gauza onak ematen baldin badakizue,
zenbatez areago ez dizkie zeruko zuen Aitak
gauza onak emango eskatzen dizkiotenei?
Izan bake abestia
Izan bake, bizi bare,
Jainkoa dugu gure alde!
Izan bake, bizi bare,
Jainkoa babes!
Izan bake, anaiok!
Izan poz ta beldurrik ez!
Izan bake, bizi bare,
Jainkoa dugu gure alde!
Izan bake, bizi bare,
Jainkoa babes!
Izan beti ausartak,
arriskuan jarriz bizia.
Beldurrik ez, adore!,
Jainkoa baitugu babes!
Gogoeta
– Konfiantzaz ari garela, maila desberdinak aipatu behar ditugu:
• Bada konfiantzaren maila psikologikoa. Konfiantza hau autoestimaren araberakoa eta neurrikoa izaten da. Pertsona batek bere burua maite ez badu, neurri minimo batean behintzat, konfiantzarik gabe biziko da eta bere bizitza osoa eta bere harremanak bizi-indarrik gabe biziko ditu. Ezinbestekoa da autoestima oinarrizko hau lantzea.
• Bada beste maila bat, bizi-maila edo maila esistentziala: nola kokatzen naiz bizitzan eta bizitzaren aurrean? Bizi-konfiantza hau haurtzarotik edo nerabezarotik ikasten da. Horren arabera pertsona ausartuko da bizitzaren errealitateari aurre egiten edo, bestela, errealitateari ihes egingo dio eta bere desio ameslarietan babestuko da.
• Eta bada, azkenik, konfiantzaren maila espirituala. Bizitza Jainkoaren eskuetan uzten duzu, konfiantzazko botoa ematen diozu, nahiz eta ez sumatu berak zure giza espektatibei edo desio espiritualei erantzuten dienik.
– Oinarrizko konfiantza honek erakutsiko dit neure frustrazioak zentzu baikorrez bizitzen eta frustrazio horiek pertsona bezala hazten lagunduko didate. Oinarrizko konfiantza hau ez badaukat, frustrazioek nire bizitza eta beraren zentzua hondatuko didate.
– Horregatik, garrantzi handiko galdera da non sendotzen den nire bizitza eta bihotza. Non daukadan oinarritua bizi dudanaren eta egiten dudanaren zentzua. Kontua ez da zer ideia dauzkadan konfiantzari buruz, baizik kontua da begiratzea nondik iristen zaidan gertatzen zaidanaren eta bizi dudanaren zentzua.
– Beti galdetu beharko nuke prest al nagoen bizitza Jainkoaren eskuetan uzteko eguneroko ariketa hau egiteko, nahiz eta horretan inolako segurtasunik ez sentitu edo nolabaiteko segurtasunik-eza sentitu.
– Otoitzerako proposatu dugun 143 (142). salmoak, oso ondo txirikordatzen ditu konfiantzazko eskaria eta bizitza Jainkoaren eskuetan uztea, dena hari entregatuz. Sakon-sakonean sinesten du Jainkoa bidelagun duela, zaintzen duela, bidea egiteko indarra ematen diola. Sekula ez dago bakarrik. Bizitzaren esperientzia gogorrenen artean ere, salmogileak Jainkoarengan konfiantza handia erakusten du. Gerta liteke batzuetan, askotan ere gertatzen da, bakarrik sentitzea («Jainkoaren eskutik utzia» esan ohi dugu), baina badakizu –konfiantzan sinesten duzu– Jainkoaren presentzia lagun datorkizula, bera bizi dela zure bakardadean.
– Proposatu dugun ebanjelio-testua, Mt 7, 7-11, Jesus ikasleei nola otoitz egin irakasten ari den pasartean kokatzen da. Eta Jesusek konfiantza nabarmentzen du. Jesusek badaki konfiantza hori dela haurrak amaren besoetan egiten duen konfiantzazko lehen egintza. Amaren sabela da konfiantza ikasteko lehen eskola. Hala ere, helduak izatera iritsi ahala kosta egiten zaigu bizitza libre uztea, bizitzaren uhalak askatzea, Jainkoari entregatzeko. Geure bizitzaren gain geuk nahi dugu eduki azken hitza eta Jainkoa geure erabakiaren laguntzaile bezala eduki. Jesusek eskatzera gonbidatzen gaitu, beldurrik gabe ekatzera, semeak amarekin duen konfiantzaz. Eskatu Jainkoak alda gaitzala barrutik. Normala da bide berritzaile eta ustetsu honen beldurra sentitzea. Egiazkoa ez ote den susmoa gailentzen zaigu. Baina konfiantzak pixkanaka gainditu egin behar du susmo hori. Ez litzateke ona izango beti susmo horretan bizitzea. Ona da Jainkoarengan eta beraren bideetan konfiantza jartzea.
– Konfiantzaren jakinduria hau ikasi egin behar da. Geurez ez daukagu. Jainkoak berak oparitzen digu konfioantzaren ikuspegitik bizitza irakurtzeko gaitasuna. Ezin dezakegu ahaztu, noski, konfiantzaren aurreko pausoa ere landu behar dela: autoestima eta abar.
– Galdetu zeure buruari: eusten didan oinarrizko konfiantza ba al daukat? Nola nabil autoestiman, maitatua eta baloratua sentitzen al naiz? Desio ameslariekin bizi al naiz edo badakit bizitzan begirada bare eta ustetsuaz kokatzen, nahiz eta gauza batzuk ez ulertu? Eta Jainkoari dagokionez, beldurra ematen dizu ala konfiantza? Zenbateraino uzten duzu azken hitza beraren eskuetan? Ba al dakizu bera beti lagun doakizula zure bideetan eta eskutik helduta zaramatzala?
– Errepikatu behin eta berriz 143 (142). Salmoa. Izan uste on!
******
Itxaropen abestia
Guk badugu itxaropen!
Guk badugu bake!
Jauna ari da gu salbatzen,
Jauna gure alde!
Jauna, zuri deika gaude: ager zaitez!
Hemen nago, ez beldurtu: izan bake!
Biderik ez, argirik ez: nora joan?
Ni naiz bide, Ni naiz argi: poztu Nigan!
Bekatuak zapaldurik ezin dugu!
Neurea dut indar oro, altxa buru!
Nahi duguna: bizitzara iristea!
Aski duzu zuk niregan sinestea!
Jauna, zugan jartzen dugu sinesmena.
Sendo egon, zuena da salbamena!
Poema
Izan beti konfiantza - Darío Lostado
Batzuetan ematen du
bide guztiak ixten direla,
gaua azkengabea dela,
neguak bihotzak izoztu dituela,
larrosa gehiago ez dagoela, zure zoria malkoak direla,
zuretzat dagoen bakarra bakardadea dela,
izarrak ezkutatu direla,
irribarrea itzali dela lur gainean,
egunak laburrak eta euritsuak direla,
gauak azkenik gabeak eta ilargi gabeak,
zure oinentzat ez dagoela lekurik,
zure bizitzaren kalean ez dagoela irtenbiderik,
axolagabekeriak eta desilusioak estutzen dizutela bihotza…
Baina artean konfiantza izan dezakezu,
zu zara bide betikoa eta irekia,
egun argitsua zara zu,
zure ariman ez dago urtarorik,
izatekotan zeure buruan soilik,
basamortu lehor eta erreenean ere lore bat sortzen da,
malkoek, urak bezala, bizia eman eta ernarazten dute,
zeu zara zeure adiskiderik onena,
zure arima argiz eta izarrez beteriko zeru ederra da,
zure barruan biziaren aurpegiak arribarre dagi,
eguzki argitsua dago zuregan,
hari bizkar emanez bakarrik da gau,
mundua zabala da eta ez arrotza,
zurea da mundua, zeu baitzara mundua,
iparra, hegoa, ekialdea eta mendebala zeure hauta-gune dira,
zeu zara maitasun betea.
Ematera deitua zaude, hartzera baino.
Izan konfiantza, zure buruak
ate itxiez eta bakartiez hitz egiten badizu ere,
hori une bateko iruzur da eta igarokorra.
Zu argia izatera deitua zaude
zure argia eta maitasuna behar duten askorentzat.
Ez zaitez zeure zokoan itxita gelditu.