OTOIZLEKU Arantzazuko fraideek, laiko talde batekin elkarlanean, sustatzen duten proiektua da. Bila dabiltzan pertsonek elkarrekin topo egiteko aukera eskaini nahi du, isiltasuna eta aditzea elkarbanatzeko.

Urte asko ditugu gure ajendak gainezka ditugula, batez ere lana, familia eta aisialdia direla-ta, geure barruari axola handirik eskaini gabe. Badirudi konturatzen hasi garela BIZIA lehortu egiten zaigula, pertsona bezala aldaketa sakon baten bidean abiatzen ez bagara, bai giza mailan, bai espiritu mailan, hartara libreagoak izateko, bizitza arindu, baketu eta adiskidetzeko...

Arantzazuko Santutegiak gune aukerakoa eskaintzen digu, gure bizitzan isiltasuna egin eta arnasa hartzeko. Kanpoko zaratak isildu eta geure barrukoak ere bai, geure diskurtso, burutazio eta aurreiritziak isilduz... geure buruari sakonenean aditzeko.

Bada esperientzia bat, giza eta espiritu-mailakoa, geure burua bilatzera garamatzana, egiten du-guna baino gehiago garela ohartarazten gaituena; bizia barruan dagoela eta horri sortzen eta hedatzen utzi behar zaiola erakusten diguna.
Esperientzia horrek bere osotasuna harrapatzen du geure burua baino harutzako aditzen ikasten dugunean, errealitateak bere osoan eragin diezagun uzten dugunean: inguruak, lagun hurkoak, Misterioak, Jainkoak.

Buruz ikasi eta errepikatzen ditugun errito eta otoitzek markatzen duten heziera erlijiosoaz haruntz, gure bihotzak, bere kontzientziaren argi-ilunean, betetasun-egarri oro asetzen duen iturriarekin topo egin nahi du. Harako bidea egin nahi genuke, batak besteari lagunduz.

Horretarako guztirako, isiltasunaz baliatuko gara bereziki; baita hitzaz, musikaz eta kantuaz ere.

Edonorentzat irekia dago:

  • fededun, fedegabe, mugan aurkitzen direnak,
  • bila dabiltzanak, zerbait gehiagoren egarri direnak...