Zergatik Jainkoa orain?

116 (115). salmoa

Maite nau Jaunak eta entzun egin du nire erregu-oihua;
bai, belarria makurtu du niregana, dei egin diodanean.
Herio-lokarriek estutu ninduten,
Herio Leizearen mandatariek atzeman; estu eta larri nintzen,
baina Jaunari dei egin nion: «Arren, Jauna, libra nazazu!»
Errukiorra eta zintzoa da Jauna, gupidatsua gure Jainkoa.
Jaunak zaintzen ditu xumeak:
lur jorik nengoen eta salbatu egin nau.
Zaude berriro bakean, ene arima,
ona izan baita zurekin Jauna.
Bai, libratu dit bizia heriotzatik,
begiak negarretik, oinak erortzetik.
Jaunaren aurrean ibiliko naiz, beraz, bizien lurraldean.
Sendo nengoen fedean,
«Bai zoritxarreko naizela!» esatean ere.
Kinka larrian pentsatu nuen: «Ez dago inor fidagarririk!»
ordainduko diot Jaunari egin didan on guztia?
Kopa altxatuko dut salbamenagatik esker onez,
Jaunari dei eginez.
Beteko dizkiot Jaunari promesak, herri osoaren aurrean.
Mingarri zaio Jaunari bere fededunen heriotza.
Bai, zure zerbitzari naiz, Jauna, zure zerbitzari apal:
askatu dituzu nire lokarriak!
Gorespen-oparia eskainiko diot, Jaunari dei eginez.
Beteko dizkiot Jaunari promesak, herri osoaren aurrean,
Jaunaren etxeko atarietan, Jerusalemen erdian.

 

Otoitzerako testua
(Gn 18, 1-15)

Behin batean, Jauna agertu zitzaion Abrahami Mambreren artadian. Abraham oihal-etxolaren sarreran eserita zegoen, berorik handieneko orduan. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi zituen bere aurrean zutik. Ikusi orduko, lasterka joan zitzaien oihal-etxolaren sarreratik. Ahuspez jarri eta esan zien:
—Ene Jauna, begiko banauzu, ez alde egin, arren. Berehala ekarriko dizuet ura, oinak garbitzeko. Hartzazue atseden bitartean, zuhaitzaren itzalpean. 5Jateko zerbait ekarriko dizuet indarberri zaitezten. Gero, bideari jarraituko diozue. Zerbaitegatik igaro zarete zeuen zerbitzari honen ondotik.
—Ongi da —erantzun zioten—; egizu esan bezala.

Abraham korrika sartu zen oihal-etxolara, Sararengana, eta esan zion:
—Bizkor, egizu orea irinik onenaz hirurentzat eta presta itzazu opil batzuk.
Abraham bera bizi-bizi joan zen ukuilura, eta, zekor guri eta gizen bat aukeraturik, morroi bati eman zion; honek berehala atondu zuen. Hartu zituen gatzatua, esnea eta atonduriko okela, eta bisitariei eraman zizkien. Haiek jaten zuten bitartean, zutik egon zen bera ondoan, zuhaizpean. Bukatzean, esan zioten:
—Non da Sara zure emaztea?
—Oihal-etxolan —erantzun zuen Abrahamek.
Jaunak esan zion:
—Zinez, urtebete barru itzuliko natzaizu, eta ordurako zure emazte Sarak semea izango du.
Sara adi-adi zegoen oihal-etxolako ate ostean. Abraham eta Sara oso zaharrak ziren, eta iragana zuen Sarak seme-alabak izateko garaia. Horregatik, irri egin zuen Sarak, bere artean pentsatuz: «Agor-agorra nagoelarik, senti ote nezake atseginik? Eta nire senarra zaharra dela, gainera».
Orduan, Jaunak esan zion Abrahami:
—Zergatik ari da irribarrez Sara, zaharra izanik, semerik ezin duela izan pentsatuz? Ba ote da ezer ezinezkorik Jaunarentzat? Urtebete barru itzuliko natzaizunean, Sarak semea izango du!
Sarak, beldurturik, ukatu egin zuen, esanez:
—Ez dut irribarrerik egin.
—Nola ezetz! Irri egin duzu —erantzun zion hark.

 

Abestia

Jainkoaren onginahiak estali du lurbira,
eta mundua esnatu da salbamen-argira,
orain gizadia berri da.

Argi gozoa,
goi-eguzkiak pozez berritu du
lurbira osoa.

Jainkoak hain maite izan du mundua,
zerua betiko guretzat zabaldua.
Zinez hau da ordu santua!

Argi gozoa,
maite-ukituz Jaunak sendatu
lurbira osoa.

Jainkoaren Semea giza haragiz jantzi da,
eta gizona bere hondamendiaz erantzi da.
Hau da errukizko bisita!

Argi gozoa,
salbamenaren orduak poztu du
lurbira osoa.

Orain gu, gu gara benetan herri maitea,
ireki zaigu itxaropenaren atea.
Hau da bakearen betea!

Argi gozoa,
itxaropena bakez gozatu
lurbira osoa!

 

Gogoeta

– Beharbada, Jainkoa hor egon izango da beti, bizitzaren hautsetan estalia. Baina badirudi orain zerbait berezia esnatu dela, zure barruan jainkozko esperientziak indarra hartuko balu bezala. Zer dela-eta galdera eta zalantza hauek, Jainkoari begiratu behar hau ...?

• Berharbada konturatu naiz adinean aurerra noala eta mugen pisua inoiz baino garbiago sentitzen hasi izango naiz, Jainkoaren nolabaiteko nostalgia sentituz? Bizitzako beste interes batzuen azpian gordeta egon den nostalgia?
• Beharbada, segurantzaren bat bilatu nahian zabiltza: bizitza ordenatzea, zeure buruarekin hobeto sentitzea, «arima salbatzea»...?
• Jainkoa funtzio bezala bilatzen al duzu: kausa sozial jator baten irudi bezala, zeure buruarekin ondo sentitzeko baliabide psikologiko bezala, abordatu ezin dituzun gatazken estalki bezala...? Bizitzak sortzen dizkizun galderentzat Jainkoak erantzunak ematea bilatzen al duzu: nondik gatozen, nora goazen...?
• Bizitzaren zentzu bezala bilatzen al duzu Jainkoa? Zeure barruak eskatzen dizun gehiago hori bezala?

– Ez da gutxi Jainkoak zerikusia izatea:

• bizitzak gehiago behar duela esaten dizun intuizioarekin: ez dela aski segurantza ekomomikoa, giza harremanen oparotasuna...
• giza bizitzaren nostalgiarekin: barruko bakardadea sentitu duzu eta zorion-iturri sakonagoa nahi zenuke...
• giza esperientzia handiekin: zer gertatzen da heriotzarekin, bizitzaren oinarri sakonaz zalantzak sortuz? Edo zer gertatzen da airean utzi zaituen eta bizitzen ari zarenak ez duela sendotasunik erakutsi dizun esperientzia horrekin?

– Edo-eta Jainkoa bizi den Norbait bezala bilatzen al duzu?

• Beharbada hala bizi izan zenuen haurtzaroan...
• Barrua hunkitu dizun Jainkoaren testiguren bat ezagutu duzu...
• Edo, zergatik den jakin gabe, Jainkoaren desio barrukoa sentitu duzu...


– Batzuetan Jainkoa gutxien uste duzun zirritutik sartzen da, nahiz eta bizitza ondo joan eta ia-ia erabat zoriontsu sentitu. Ia-ia horretan egon ohi gakoa.

– Galdera handia hau da: sorpresara irekia al nago, Jainkoak tokiz alda nazan prest al nago, Jainkoak urrutirago eraman nazan prest? Biblian agertzen den Jainkoak beti zerbait berria jartzen du abian.

– Irakur dezakezu orain otoitzerako proposatu dizugun testua: Gn 18, 1-15.

• Abrahanek ez zuen horrelako bisitarik espero eta gutxiago, Jainkoaren asmoak beteko zituen semea izateko promesa egingo ziotenik.
• Abraham –hau da kontua– Jauna eta beraren bisita onartzeko beti irekia bizi zen. Jainkoak irekitasuna eskatzen du, permeabilitatea, harrerarako bihotz irekia. Jainkoaren benetako esperientziak zerikusi zuzena du irekitasun-jarrera horrekin, bizitzak harritu zaitzan prest egotearekin...
• Jainkoa benetan ager daiteke nire bizitzan, batez ere zailtasunak eta sufrimenduak bizitzen ari naizenean. Baliteke Jainkoa benetan sentitzea nire barnean, bizitzen ari naizen egia horretan.
• Batzuetan, kasualitatea dela ematen du Jainkoa zure bizitzan azaltzea, baina egunen batean ohartuko zara guztiak zentzua eduki duela. Jainkoak bere erara egiten ditu gauzak.

******

Abestia

Jauna, zure aldera doakit bihotza,
zure eguzkitara barruko laiotza.
Hain nago arrotza,
zeure beroz gozatu nire negar hotza.

Jakinik guregandik zein gertu zaitugun,
nolatan nabil sarri zuregandik urrun?
Dena da hain zurrun,
dena amets baino ez, ezinaren lurrun.

Nire mundu larrian izarra piztu da.
Bilatzaileon bila Jainkoa heldu da.
Barrua poztu da!
Jaunaren maitasuna niregan hustu da.

Maitasunaren hitza esan zaidanean,
bidea ireki zait nire ezinean.
Banoa bidean,
zure izar txikien argi-ilunean.

 

Azken otoitza

Jauna, eskerrik asko, zure bisitagatik.
Nire etxera etorri nahi izan duzulako.
Neure barruko etxera itzultzean zu aurkitu zaitut,
nire bideetan erromes, ostatu-eske.

Ez nekien nor zinen, ez zintudan ezagutzen.
Eta hala ere, zuk bilatu egin nauzu.
Gaur maitatua sentitu naiz, eta esker onez nago.

Goazen barrura eta geldi zaitez nirekin.
Gurutzearen maitasunezko sutondoan,
nireaz hitz egin behar dugu,
nire hutsaz, nire ezinaz, nire grinaz…
Hainbeste daukat esateko, hainbeste!

Zuk badakizu nondik ibili naizen.
Badakizu nahi bai, baina ezin nuela.
Zutaz galdetzen nuen eta inork ez zintuen aurkitzen.
Orain, Jauna, etorri zara eta badakit nirekin zaudela.

Jauna, nire negu hotza Eguberri bihurtuko didazu.
Nire bide galduak zure Jubileuan argituko zaizkit.
Zatoz, Jauna, eta geldi nirekin.
Estimatzen dut maitasunezko zure bisita.

 

Non-nahi zaude (Bitoriano Gandiaga)

Non-nahi zaude, bai,
zoramen argi,
non-nahi zaude
ager-zale,
bideko gauzen
ostean erdi-
ezkutatu zinen,
maitale.

Gurekin sarritan
oztopo edo
egin gurako
zenuke,
hain zaude non-nahi
t’hain zaude argi,
gauzaren pozaren
egile.

Hain zaude non-nahi,
hain zabiltza sarri
begioi ohar-
erazle,
erdi ageri,
hain zaude non-nahi,
isilik bai, ta,
deitzaile.

Bilaketa

Artxiboak

Powered by mod LCA