Egizalea

26 (25). Salmoa

Egidazu justizia, Jauna, nire jokaera prestua baita.
Sendo eutsi diot zureganako konfiantzari.
Azter nazazu, Jauna, proba nazazu,
ikertu nire buru-bihotzak.

Begi aurrean dut beti zure maitasuna
eta leial jokatu dut zurekiko;
ez naiz gezurtien mahaikide izan,
ez eta itxuratiekin batera ibili;
gorroto dut gaizkileen lagunartea,
ez naiz gaiztoen mahaikide izan.

Errugabe naizela agertzeko eskuak garbiturik,
zure aldarea inguratzen dut, Jauna,
zure gorespena ozenki hots eginez,
zure egintza miragarriak kontatuz.

Maite dut, Jauna, zu bizi zaren tenplua,
zure aintzaren egoitza.
Ez nazazu egin bekatarien zori bereko,
ez nazazu bihur hiltzaileen kideko,
eskuak makurkeriaz eta eskupeko diruz beteak
dituzten horien kideko.
Nire jokabidea, berriz, prestua da:
aska nazazu, erruki zakizkit!

Tinko ezarriak ditut oinak;
Jauna bedeinkatuko dut batzarrean.

 

Otoitzerako testua
(Jn 1, 45-51)

Felipek Natanael aurkitu zuen, eta esan zion:
—Moisesek legearen liburuan eta profetek beren idazkietan aipatu zuten hura aurkitu diagu:
Jesus, Joseren semea, Nazaretekoa.
Natanaelek esan zion:
—Ezer onik atera ote daiteke Nazaretetik?
Felipek erantzun zion:
—Etorri eta ikusi.
Ikusi zuen Jesusek Natanael zetorkiola, eta esan zuen:
—Hona benetako israeldar bat, faltsukeriarik gabea.
Natanaelek galdetu zion:
—Nondik ezagutzen nauzu?
Jesusek erantzun:
—Felipek deitu aurretik ikusi zintudan pikupean.
Natanaelek esan zion:
—Maisu, zu Jainkoaren Semea zara, zu Israelgo erregea zara.
Jesusek ihardetsi zion:
—Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako sinesten al duzu? Handiagorik ere ikusiko duzu!
Eta gaineratu zuen:
—Bene-benetan diotsuet: Zerua irekia ikusiko duzue, eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gainean.
 

Gogoeta

– Bizitzeko bi molde daude:

- Segurantza bilatuz; bizitzan segurtasuna sentiaraziko didaten erantzun ziurrak bilatuz; zer pentsatu behar dudan edo bizitzan nola jokatu behar dudan segurtartuko didaten erantzunak bilatuz… Hitz batean, bizitza neuk kontrolatuz.
- Edo, segurantzaren aurretik, egia bilatuz. Bizitzaren egia bilatzen badut, prest negoke erratzeko arriskua hartzeko ere, neure erraietan egiaren sua sentituz bizitzeagatik. Barrutik haziarazten nauen askatasuna bizitzea nahiago.

– Zer esan nahi du egian bizitzeak? Egiak neure buruarekin garbi jokatzea eskatzen du, beste era batera bizi naitekeela, euritara atera behar dudala, bizitzaren errealitatera atera behar dudala esaten didan intuizioarekin du zerikusia (beti ez da argia izaten); nire esperientzia erlijiosoari barrutik alda nazan utzi behar diot, barrutik aska nazan.

– Egiaren espirituaz hitz egiten dugunean, ez gara ari bakoitzak «bere» egia bizitzeaz, komeni zaion eran. Egiaren espiritua errealitate bihurtzen da Jainko bizia aurkitzen duzunean, edo pertsona izatearen zeure duintasuna dekubritzen duzunean.

– Hasieran daukazun 26 (25). salmoak zintzoak eta gaiztoak kontrajartzen ditu, salmoetan askotan egin ohi den bezala. Baina kontrajartze hori ez da zintzoa besteen gainetik jartzeagatik. Ez du adierazten legeen aurrean bizi beharreko zintzotasun morala ere. Adierazten du, osoa izateko barne-erabakia, bere buruarekin, bere kontzientziaren egiarekin onradua izateko erabakia eta Jainkoarekin leiala izatekoa.

– Irakurri lasai-lasai Jn 1, 45-51 testua (goian daukazu). Hor azaltzen den Natanael hau gertukoa egiten zaigu. Arduraz bilatzen du, kartsuki. Galdezka ari da, ez egiari ihes egiteagatik, edo konpromisotik babesteagatik, egiaren espirituagatik baizik. Bere burua argitu nahi du. Eta bilatzen duena aurkitu duenean, ezer gorde gabe entregatzen da, baldintzarik gabe. Eta era honetako pertsona baten aurrean, egiaren bila horrelako espiritua erakusten duenaren aurrean, Jesus armagabetua azaltzen da.

– Batek egia bilatzen duenean edo egian dabilenean, ez du kontrolatzen, ez dauka babesgabetzeko beldurrik. Egiari antzematen zaio libre egiten zaituela, hegan egiteko hegoak ematen dizkizula, nahiz eta hegoak indartzeko denbora behar den hegan egiteko presarik gabe.

– Eta hasten zara Jainkoa benetan nor den sumatzen.

******

Galderak barne-lanerako:
- Zer bilatzen duzu bizitzan, segurtasuna ala egia?
- Prest al zaude egiak konprometitu zaitzan zeure bizitzan edo bideetan?
- Edo nahiago duzu zeure asmoen eta proiektuen arabera bizi, inor gainean onartu gabe?
- Zeure buruarekin, zeure kontzientziarekin, ondradu sentitzen al zara?
- Edo nahiago duzu asko ez pentsatu, gauza arraroak sentitzeko beldurrez?
- Besteak bezalakoa izatearekin konformatzen al zara edo «zeu» izatea bilatzen duzu?
 

Abestiak

Ni kauntu hauekin goza ezazu konfiantza

1) Jauna, ez nekien zu nor zinen

Jauna, ez nekien Zu nor zinen,
ez nor zinen, ez bazinenik;
ni baina zure bila nenbilen,
ez nuen inon atsedenik.

Bidertzeko itsu hura nintzen,
zorion-apurren eskale;
nire ondotik igaro zinen,
ogi berroaren emale.

Nire gauak oihu egin zizun,
dena ilun, dena oztopo;
Zuk argiz besarkatu ninduzun,
Zurekin egin nuen topo.

Orain badakit nor zaren, Jauna,
nor zaren eta neu nor naizen;
nire bihotzak behar zuena
ai!, zure maitasuna baitzen.

Gaur nago lehen bezain indargabe,
hala naiz, ahula naiz, haurra naiz;
Jauna, dena dezaket, halare,
zure besoen babes alaiz.

Esker on, gorespen, amodio,
nire bihotzaren Jaun ezti;
nire ezinari poza dario,
Zu, Jauna, Zu nire abesti!
 

2) Eder da

Eder da Jauna gorestea,
bizia Jaunagan uztea,
beragan ustea
eta sinestea.
Hutsa da bestea!

Eder da Jaunagan biltzea,
Jaunagan kezkak arintzea,
hargan ibiltzea
eta bizitzea,
Jaunagan hiltzea!

Eder da kristau izatea,
Jaunari «Aita» esatea,
hautsi da katea,
Jauna da bakea,
Jauna on betea!

Eder da, eder, Jainko bera,
hurbildu beraren aldera,
bil barkamenera,
hain da bihozbera.
Dohatsuak gara!
 

Poema
(Javier Garrido)

Egizalea naizela uste dut, Jauna,
eta egia nahi dudala.
Baina zuk ezagutzen duzu inork baino hobeto
geure burua engainatzeko daukagun gaitasuna.
Emadazu zure egi espiritua.
Desarma nazazu, ene Jainko, beharrezko bada.
Libra nazazu nire segurtasun faltsuetatik.
Egizu, Jauna, egizu.

Bilaketa

Artxiboak

Powered by mod LCA