Zentzuaren bila

Beharrezko erabakia
(Jakinduria 7, 1-14)

Ni neu eregizaki hilkorra naiz, guztiak bezalaxe,
buztinaz eratutako lehen-gizakiaren ondorengoa.
Amaren sabelean izan nintzen haragitan moldeatua,
buztinaz eraturiko lehen-gizakia  eta bederatzi hilabetez odoletan eratu nintzen,
gizonaren hazitik eta amodioaren atseginetik sortua.

Nik ere, jaio ondoren, guztion airea arnastu nuen eta,
denoi antzera eusten digun lurrera etortzean,
nire lehen mintzoa guztiona izan zen: negarra.
Zapiz eta arduraz inguraturik hezi ninduten.
Ez dago bestelako hasiera izan duen erregerik.
Guztiontzat bide bat bakarra dago munduan sartzeko nahiz irteteko.

Horregatik, otoitz egin eta zuhurtzia eman zidan Jainkoak,
berari dei egin eta jakinduriaren espiritua iritsi zitzaidan.
Errege-aulki eta aginte-makila baino nahiago izan nuen;
haren aldean, aberastasuna ezereztzat jo nuen;
harribitxirik preziatuenarekin ere ez nuen parekatu,
munduko urre guztia, haren aldean, hondar-apur bat besterik ez,
eta zilarrak, haren aurrean, lokatza dirudi.

Edertasuna eta osasuna baino maiteago izan
eta neure argitzat aukeratu nuen,
haren distira ez baita inoiz itzaltzen.
Eta jakinduriarekin ondasun guztiak batera etorri zitzaizkidan,
eta ezin konta ahala aberastasun haren eskutik.
Ondasun horiez guztiez gozatu nintzen,
jakinduriak ekarriak baitira, nahiz eta ez jakin berak sortuak zirela.
Jakinduria, ondasun moral eta kulturalen iturri

Xumeki ikasi nuen jakinduria, damurik gabe banatzen dut;
ez ditut haren aberastasunak neuretzat bakarrik gordetzen,
altxor agorrezina baita gizakientzat;
hura eskuratzen dutenak Jainkoaren adiskide egiten dira,
heziketaz lorturiko dohainei esker.

 

Otoitzerako testua
(Mt 7, 13-14)

Bi bideak

Sar zaitezte ate estutik;
zabala baita hondamenerako atea eta lasaia bidea,
eta asko dira hortik doazenak.
Baina bai estua dela bizirako atea eta meharra bidea,
eta gutxi dira aurkitzen dutenak.

 

Gogoeta

Sortzetik beretik, pertsonak bere nortasuna bilatzen du, nor den jakitea, bere buruaren egia eta gauza guztien egia, biziaren egia bilatzen du. Bilaketak markatzen du bizitza, norbait bizirik hilda ez badago behintzat, bilaketarik gabe, galderarik gabe, besteen esku utzia.

Baina «biziaren egiaren» bilaketa egin dezaket ikuspuntu eta ikuspegi oso desberdinetatik.

Bila dezaket nire egia nire inguruan gehienek «bizi dutenarekin» parekatuz. Modak kontuan hartuz bizitzea da, gehiengoaren arabera, «kanpotik» nolanahi ere. Bidea haizearen alde egitea da, besteen tartean «normala» izanez.

Bila dezaket nire «biziaren egia» ezarri zaizkidan edo aspalditik barruan josita dauzkadan arauetan. Arau moralak, ikasitako zintzo-bideak… Legezko begirada horretatik bizi naiteke: «egin behar dudala» esaten zaidanarekin bat natorren edo ez begiratuz. Molde hau ere niregandik kanpoan gelditzen da, legeraren edo arauen mailan.

Bila dezaket nire «biziaren egia» nire kontzientziaren barruan ere. Badakigu kontzientzia dela, sakonean, bizitzaren neurri oinarrizkoa. Baina, nondik eraiki dut nire kontzientzia, kanpotik, arautik… edo Jaunarekin daukadan harremanetik? Nire bizi-jakinduriak non dauka bere iturria?

Hemen ulertzen da hil honetan otoitzerako proposatzen dugun testua (Jak 7, 1-14). Zuhurtzia, jakinduria, Jaunak ematen digun dohaina da. Jaunarekiko harremanean jasotzen dugu «biziaren egia»:

Historia pertsonala batasunean josten duen jakinduria da.

Benetan biziarazten gaituena, eman zaigun jakinduria eta zuhurtzia hori da, bizi-argia. Eman egin zait, ez da nirea («zuhurtzia eman zidan Jainkoak». «jakinduriaren espiritua iritsi zitzaidan»).

Emana delako, eskatu egin behar da («otoitz egin», «dei egin»). Dohaina ez da erosten, ez da diruz ordaintzen, ezin daiteke merezi. Dohaina eskatu egiten da, hartu, eskertu. Dohaina doakoa da.

Eta jakinduria horretatik, balioen eta lehentasunen jerarkia berria sortzen da: «Ez nuen parekatu», «nahiago izan nuen», «maiteago izan »…:

Berdinik gabeko argi da…
On guztien iturri da…
Pozaren iturri da…
Berdinik gabeko altxior…
Jainkoaren adiskide egiten gaituen dohain…
Partekatzen den dohaina da…

Barruan egia daraman jakinduriazko bide honek neure buruarekin garbi jokatzea eskatzen dit. Beste era batera bizi naitekeela ziur uste izatea. Bide berriak arriskatu behar ditudala ikusten da, euritara irten behar dudala.

Dohainaren «ate estutik» sartu beharra dago (Mt 7, 13-14). Nire gaurko biziera –moda edo arauen araberakoa– errazagoa dela irudituko zait, bide zabalagoa eskaintzen duela, «era normalagoak» proposatzen dizkidala, baina dohainaren Jaunak ate estutik sartzera deitzen nau. Ate estu horrek garamatza jakinduriara. Dohainaren ate estutik igaroz –haize kontra beti ere– bizitzen ikasten da, hazi egiten da, neure buruaren ezagutza ematen zait, nire izaeraren egia jasotzen dut eta nire biziaren zentzua. Hori bai, ate estutik sartzeko txiki egin beharra dago. Jesusen segizioan joateko, zerbitzuaren atetik sartu beharra dago. Bizira daraman bidea estua da.

***

Barne-lana egiteko galderak:

«Jakintsu» sentitzen al naiz? Edo errazetik nabil, gehiengoaren bidetik?
Inoiz eskatu al diot Jainkoari «jakinduriaren» dohaina?
Esan al dezaket bizi izan dudala Jainkoak ematen duenaren esperientzia?
Ausartzen al naiz Jainkoaren eskuetan bidea arriskatzen edo nahiago dut nire bizitza neuk kontrolatzea?
Bizitzaren nire une honetan, zeintzuk dira nire lehentasunak?, zeren bila nabil?
Ondo egingo duzu Jainkoari jakinduri dohaina eskatzne badiozu, bizitzeko jakinduria. Jesusen segizioaren ate estua zeharkatzeko Espiritua eskatu. Ez da gauza bera gauzak jakitea eta bizitzen jakitea.

 

Abestiak

Ni kauntu hauekin goza ezazu konfiantza

1) Entzun nire otoitza

Entzun nere otoitza, entzun, arren, Jauna,
Zuregan itxaro dut, erruki, Jauna.

Entzun neri, Jauna, behartsu honi entzun.
Ni salba, zurekin zintzo izan naiz,
Erruki, Jaungoiko, zuri deika nago,
Jaun ona, zugana daukat arima.
Eske dagonari barkatzen aberatsa,
entzun bai, zuk jaso nere otoitza.
Arrisku egunean zuri deika nago,
salbatzen ez da, ez, inor zu aina.
Lur bazter guztiek goratuko zaituzte,
Jaun handi, miragarria zara zu.
Erakuts, Jaungoiko, zuzentasun-bide,
egia, zure izenaren beldurra.
Goratzen zaitut nik, gora zure izena.
Leizetik gorde didazu arima,
Harro batzuk, Jauna, altxa zaizkit kontra,
ez dute zure izena maitatzen.

 

2) Nire arima bakean zure baitan

Gorde, Jauna,
zure baitan
nire arima.

Nik bihotza ez dut harro-nahirik,
ez dut begitan handiusterik.
Arima bakean daukat, Jauna,
gauza handietan ez naiz ibili.
Ume bat amaren besoetan:
berdin dut arima isilean.
Israel, egon beti Jaunari,
bera duzuta zure indarra.

 

Poema
(Iñaki Beristain)

Azkarregia naiz
jakintsu izateko.
Handiegia
atetik sartzeko.
Neurez harroegia
dohaina jasotzeko.
Puztuegia, inon kabitzeko.
Zer dakit nik, Jauna,
negar egiten baizik!
Zer daukat ziur, Jauna, heriotza ezik!
Baina Zuk, Jauna,
hasierako lokatza
Espirituz bete duzu:
Jakinduriaren hatsa!
Apala txalotu duzu
Zuganako atea dezan igaro,
gizarteko txikiekin txiki,
pobreekin pobreago.
Zure jakinduria dut orain
dohain guztien iturri,
dena daukat opari,
ez dut ezer falta,
ezer ez dut urri.
Zure jakinduriak, Jauna,
gorde nazala ume,
zure dohainak egin nazala
apal eta xume.

 

Jakinduria eskatzeko otoitza
(Jakinduria liburua 9 -zatiak-)

Arbasoen Jainko eta Jaun errukiorra,
zeure hitzez gauza guztiak egin
eta zeure jakinduriaz gizakia eratu zenuen,
zure sorkari guztien jaun izan zedin,
emadazu jakinduria, zure ondoan errege dena,
eta ez nazazu ken zeure seme-alaben artetik.
Zeure zerbitzari nauzu, zeure zerbitzari apal,
gizaki gaixo eta bizitza laburrekoa,
zuzenbidea eta legeak ulertzeko gauza ez dena.
Bestalde, gizakirik prestuena ere
ez da ezer zuregandik datorren jakinduriarik gabe.
Zurekin dago jakinduria,
zure egite guztiak ezagutzen dituena,
mundua egin zenuenean ere bertan zena;
badaki zer duzun atsegin,
badaki zer den zuzena zure aginduen arabera.
Bidal ezazu zeure zeru santutik,
igorri zeure tronu ospetsutik,
nirekin izanik, lanean lagun diezadan,
zuk gogoko duzuna irakatsiz.
Berak, dena jakin eta ulertzen duenak,
zuhur gidatuko nau neure eginkizunetan
eta bere ospeaz babestuko.
Horrela, onartuko dituzu nire egintzak.

Bilaketa

Artxiboak

Powered by mod LCA