Zentzuaren bila

Jauna dut artzain
(23. salmoa)

Jauna dut artzain: ez zait ezer falta.
Larre guritan etzanarazten nau, ur baretara eramaten,
eta indarrak berritzen; bide egokitik narama, leiala delako.

Ibar beltz-ilunetan banabil ere,
ez dut inolako gaitzen beldurrik,
zu nirekin baitzaude: zure artzain-makilak lasaitzen nau.

Zuk atontzen didazu mahaia etsaien begi aurrean,
ukenduz gantzutzen didazu burua; gainezka dut kopa.
Bai, zorionak eta leialtasunak inguratuko naute bizitzako egun guztietan;
Jaunaren etxean biziko naiz amaigabeko egunetan.

 

Otoitzerako testua
(Ko 1, 12– 2, 11)

Jakintsuaren lan nekeza

Ni, Kohelet, Israel herriaren errege izana naiz Jerusalemen.
Buru-belarri ari izana naiz mundu honetan gertatzen dena
jakinduriaz ikertzen eta aztertzen.
Lanbide txarra eman die Jainkoak gizon-emakumeei, horretan jardun dezaten.
Eguzkipean gertatzen denari begira egon izan naiz,
eta horra, den-dena huskeria da, haizea atzeman nahi izatea bezala;
ezin baita okertua zuzendu, ezta zenbatu ere ez dagoena.
Neure buruari esan nion: «Nire aurretik Jerusalemen errege izan diren guztiek baino
jakinduria askoz handiagoa neureganatu dut, asko bainaiz ikusia eta ikasia».
Buru-belarri ari izana naiz jakinduria eta ezaguera, zorakeria eta ergelkeria
zertan bereizten diren aztertzen; eta ohartu naiz,
hori bera ere haizea atzeman nahi izatea bezala dela.
Izan ere, zenbat eta jakinduria ugariago, atsekabea handiago,
zenbat eta ezaguera sakonago, nahigabea larriago.

Alaitasuna eta atseginak

Neure baitan esan nuen: «Ea bada, dasta dezadan alaitasuna, goza dezadan bizipoza!»
Eta horra, dena huskeria da. Irri egitea, zorakeria. Alaitasuna, zertarako?
Neure burua ardoz alaitzea erabaki nuen, baina zuhurtasunez jokatuz;
zorakeria hori egin nuen, harik eta ikus nezan arte eguzkipean zer ote den hoberena
gizon-emakumeentzat, berauen bizitzako egunetan.

Lana eta aberastasunak

Lan handiei ekin nien. Jauregiak eraikiarazi nituen eta mahastiak landatu.
Lorategiak eta baratzeak atondu nituen, mota orotako zuhaitzak sartuz.
Urtegiak egin nituen, zuhaitz gaztez eginiko basoa ureztatzeko.
Esklaboak erosi nituen, gizaseme nahiz emakume,
eta hauen seme-alabak ere neuretzat izan nituen.
Zilar eta urre ugari metatu nuen, baita zenbait erregeren eta eskualdetako ondasunak ere.
Gizon-emakume kantariz inguratu nintzen, eta gizonak desira dezakeen
bezainbat emazteki izan nuen.
Handi egin nintzen, Jerusalemen nire aurretik izan direnak baino handiago.
Gainera, neurekin nuen jakinduria. Ez nien ukatu neure begiei eskatzen zidatenik deus ere,
ezta neure bihotzari pozik batere.
Nire lan guztietan atsegin hartu nuen; hauxe izan zen nire lan guztien saria.
Begiratu nien, ordea, neure eskuz eginiko lanei eta horretarako eraman behar izan nituen nekeei.
Eta horra, dena huskeria da, haizea atzeman nahi izatea bezala; ez dago onurarik eguzkipean.

 

Gogoeta

Zentzuaren bilaketa hasten da, aurrez zeure bizitzaren zentzua zela uste zenuena orain inolako oinarririk gabe gelditzen denean. Bizitzan, askotan hartara jarri gabe, bizitzaren zentzua zalantzan jartzen duten esperientziak azaldu ohi dira;

  • Gaixotasunaren aurrean, maite duzun bat galtzen duzunean, batez ere berehalako heriotza denean edo seme-alaba denean hil dena, airean zintzilik gelditzen gara.

  • Hainbeste energia, hainbeste proiektu, hainbeste ideia, honetarako?

  • Inplikatu naizen lan-gatazka edo gatazka sozial baten aurrean, eta gizakiok nolakoak garen bistan gelditu denean, bere muga eta erokeriekin.

  • Porrot afektibo baten aurrean...

  • Telebistaz sufrimenduzko eta injustiziazko irudiak ikusten ditugunean. Gaitzak ongia menperatzen duenean: heriotza, injustizia, gogorkeria eta etsipena.

  • Bizitza osoa pertsona hobea izaten saiatu, besteei emana bizitzeko idealari erantzuten ahalegindu, eta oraindik egoista ikusten dut neure burua, ingurukoen portaera gogorki epaituz.

  • Espirituarekiko krisialdia. Hau dena ez ote da asmakeria hutsa? Zer ziurtasun dauzkaket?

Sarri, egoera hauek ez dira ongi zehaztuak azaltzen. Nolabaiteko atsekabe lausotu hori: «Ez dakit zer gertatzen zaidan, baina badaukat niregan zerbait ongi ez dabilena. Ez daukat kexarako arrazoirik, baina zerbait falta dut».

  • Zein izan da eta da gaur egun nire bizitzaren zentzua?

  • Sentidu berri baten bila jarri zaituen zentzurik ezaren esperientziarik izan al duzu?

  • Zentzurik ezaren esperientzian zer ikasi duzu?

  • Zentzuaren krisialdiaren aurrean zer jarrera daukazu?

***

Bibliako testuek ez dute erantzunik ematen, baina zentzuaren zerumuga berria ikusarazten digute.

Irakurri dugun salmoan, Jauna azaltzen zaigu gure bizitza atsedenezko eta zentzu betezko lekura gida gaitzakeen Norbait bezala, lainoa sendoa den aranetan zehar eta sufrimendua lagun bada ere. Zailtasuna datorrenean, iheskeria eta etsipena dira tentazio; baina beraren maitasuna eta ontasuna ditugu guregan, eta eutsi egiten digu konfiantzan, gerta ahalak gerta.

Gure bihotzean ezagutu eta bizi dugunean Jainkoaren maitasun leial eta osoa, zentzuaren egarria betirako asetzen da. Topaketa horren ondorioz, sinestunak esker onez kantatzen du: Jauna dut artzain, EZ ZAIT EZER FALTA! Eta hortik berrirakurtzen ditu beste errealitateak: etika, hurkoarekiko maitasuna, bikotearekiko eta familiarekiko maitasuna, sufrimendua...

Desengainua ere gerta daiteke, Jainkoa gauza bat, ideia bat, idolo bat bezala erabiltzen baldin badugu, geure beharrak asetzeko gratifikazio bezala manejatuz.

***

Koheleten liburua zentzurik-ezaren esperientziatik abiatzen da. Ez die heltzen erantzun eginei, erantzun horiek erlijio-tradiziotik etorri arren... Era guztietako jarlekuetan eseri da, eta bere eskarmentuz ikusi du horietako bat berak ez diola bihotzeko egarri sakona kentzen... Euskarririk gabe gelditzen ausartu da eta erantzunik gabeko galderak jalkitzen ditu airera. Bila dabil, gauez bada ere.

 

Abestiak

Nahi duzun unean, honako abesti hauek entzun ditzakezu, otoitz eginez:

1) Galdezka naukazu, Jauna

Galdezka naukazu, Jauna,
zergatik sufritzen dugun gizakiok mundu hontan.
Galdezka naukazu, Jauna,
zergatik gaitzak zauritzen ote gaituen askotan.
Zergatik haurtxo txikiak, errugabe direlarik,
hiltzen diren gosez amaren besotan.
Zergatik batzuek asko eta besteek hain gutxi,
zer dela-ta gabiltzan beti borrokan.
Zergatik, Jauna, sufritzen?

Sarritan galdetu arren,
sarritan pentsatu arren ezin dut gauza ulertu.
Buruak ezin du jaso, bihotzak ezin du jasan,
begiak malkoz lehertu.
Oteizaren Pietatean oihukatu dut galdera,
Apostoluen harri hotz horrek zer du?
Zerua ilun, isilik, lurra goibel odoletan,
eta, Jauna, ez zara inon agertu.
Zergatik gaude sufritzen?

Galdera denak malkotan
urtu zaizkidan unean, dena isil, dena geldi.
Ez da hitzik, ez da hotsik, sentimendua biluzik,
ezintasuna izerdi.
Orduan konfiantzaren
aireak jo nau barruan
eta horra bihotzean barealdi.
Jainko on, maite nauzu-ta,
zergatik egin zalantza,
zu izanik nire gauetan eguerdi.
Jauna, zu nirekin zaude!

Jauna, baditut galderak ta baditut oinazeak,
eta orain zer esango?
Ondo dakit nire maite hil eta bizi zarela,
ez dut beldurrik izango.
Dena iluntzen denean, dena ulergaitz denean,
zuk didazu bake handia emango.
Gaitzaren misterioa
argituko zait barruan,
izango dut minez ere poza frango.
Jauna, zu zaitut nire poz!
Jauna, zu nire uste on!

 

2) Jauna nire zoria

Bake-bila Jaunagana noa,
Bera dut nire Jainkoa!
Haren esku utzi dut geroa,
lasai daukat nik gogoa!

Jauna nire ondare argia.
Hau maitasun-historia!
Jauna nire bake-oinarria.
Maite dut nire zoria!

Irudiak ez ditut gurtuko,
ez baitira hoiek jainko.
Hoien morroi ez naiz bihurtuko,
ez ditut zerbitzatuko.

Jauna nire ondare argia.
Hau maitasun-historia!
Jauna nire bake-oinarria.
Maite dut nire zoria!

Horregatik, alai naiz poztuko,
Atsedena gozatuko,
Jaunak ez dit bizia kjenduko,
Zintzoa ez da ustelduko.

Jauna nire ondare argia.
Hau maitasun-historia!
Jauna nire bake-oinarria.
Maite dut nire zoria!

Ager, Jauna, bizira bidea.
Eman, Jauna, poz betea!
Bil nazazu betiko bakean.

 

Poema
(Iñaki Beristain)

Zer dauka, Jauna, zure hitzak
horrela liluratzeko,
nire bihotza erremediorik
gabe harrapatzeko?

Zer dauka, Jauna, zure hitzak
nire segurantza tinkoak
balantzan jartzeko,
zalantza sortzeko,
nire erraietako uste sakonenak
zorabiatzeko?

Mezua omen dauka, esan didate.
Baina zer mezu?
Mezuz eta kodez sobratua,
hitzez mozkortua,
zure mezuak mezu,
horrek ez nauka atezu.

Ondo bizitzeko doktrina omen,
ondo portatzeko doktrina, esan didate.
Doktrinaren harrikada askok
sarri zauritu dit bihotza,
ondoez utzi barrua, hotza.
Ezin daiteke doktrina izan
enamoratu nauena.

Zer du, orduan, zure hitzak
ni horrela txunditzeko,
maitez zaurituta lagatzeko?
Hitzak isildu ditudanean
ulertu dut zure Hitzaren Hitza.
Galderak mututu ditudanean
aditu dut misterioa:

Zure Hitzak Zeu zauzka,
eta Zuk zauritu nauzu,
erremediorik gabe harrapatuz,
nire barrua zorabiatuz...
Zure Hitza Zeu izan!

 

Azken otoitza
(Asisko San Frantzisko)

Jainko goren eta ospetsua,
argi ezazu nire barne ilunpea.
Eta emadazu fede zuzena,
itxaropen ziurra eta maitasun betea,
zentzua eta ezaguera, Jauna,
zure agindu santu eta egiazkoa bete dezadan.

Bilaketa

Artxiboak

Powered by mod LCA