Nor naiz?

Zuk ikertzen nauzu eta ezagutzen
(Salmo.139,1-12)

Jauna, zuk ikertzen nauzu eta ezagutzen:
badakizu noiz esertzen naizen eta noiz jaikitzen.
Urrutitik sumatzen dituzu nire burutapenak.
Ohartzen zara noiz nabilen eta noiz nagoen geldi.
Zehatz dakizu nire pauso guztien berri.
Oraindik ez dut hitza mihian
eta zuk, Jauna, badakizu esango dudana.
Atze eta aurre, estu bildua naukazu,
zeure eskua nire gain ezarrita.
Miragarria zure ezagutza, nitaz gaindikoa,
nik atzemateko garaiegia.

Nora joan zure espiritutik urruti?
Nora ihes egin zure aurretik?
Zerura igota ere, zu hantxe!
Hildakoen Egoitzara jaitsita ere, zu bertan!
Nahiz argiaren sorlekurantz hegaldatu,
nahiz mendebaldeko itsas mugetan kokatu,
han ere zure ezkerra gainean izango dut,
zure eskuinak helduko dit.
Nahiz nik esan: «Ilunpeak estaliko ahal nau,
egun-argia gau bihurtuko ahal zait inguruan!»,
ilunpea ere ez da zuretzat ilun,
gaua ere eguna bezain argi:
ilunpea eta argia zuretzat berdin!
 

Otoitzerako testua
(Mk 8, 22-26)

Betsaidako itsuaren sendaketa
Betsaidara iritsi zirenean, itsu bat ekarri zioten Jesusi, ukitzeko erreguka. Jesusek itsuari eskutik heldu eta herritik kanpora eraman zuen. Begiak listuz igurtzi ondoren, eskuak ezarri zizkion eta galdetu:
—Ikusten al duzu ezer?

Hark begiratu zuen, eta erantzun:
—Gizonak-edo nabaritzen ditut: zuhaitzak dirudite, baina ibili dabiltza.
Orduan, berriro eskuak ezarri zizkion begietan, eta argi ikusten hasi zen gizona; sendaturik gelditu zen, guztia garbi-garbi ikusten zuela. Etxera bidali zuen Jesusek, herrian sartu ere ez egiteko aginduz.

 

Gogoetarako…

Norbere nortasuna bilatzea gizaki ororen barru-barruko nahi sakona da.

Pertsonaren lehenengo nortasuna familiatik eratua datorrena da, kanpotik asimilatua dator; hartu dudana naiz.

Nerabezaroan, berriz, fenomeno garrantzizkoa abiatzen da, familiatik aldentzea da, nortasun berri bat eraikitzen hasteko, nortasun soziala. Nortasun honek zerikusi zuzena izango du bera dabilen giro sozialarekin, zer dagoen modan, zeintzuk diren erreferentzi ereduak…

Pertsona helduak zalantzan jartzen du nortasun soziala, eta nortasun pertsonala aurkitu beharko du.

  • Nor naiz ni? Zerk definitzen nau? Zein da nire nortasunaren ezaugarria?
  • Galde ezazu zein den gaur zaren pertsona izatera eraman zaituen bide pertsonala…
  • Nortasun sozialetik bizi al naiz (rola betez) edo nortasun pertsonaletik?
  • Ni neu izan beharra sentitzen al dut, nik neuk ezarritako eskema mentalak baztertuz edo besteek niregandik espero dutenetik ihes eginez (gizartea, familia, bikotea…)?
  • Zu zeu izan behar horretan, nortzuk laguntzen dizute? Nortzuk eta zer egoerak egiten dizute traba?

***

Nor naiz ni? galderari erantzutean, autoanalisia egiteko gaitasuna lagungarri da; baina inportanteagoa da egoerek, harremanek interpela zaitzaten, eta, batez ere, Jainkoari interpelatzen uztea, aurpegiz aurpegi.
Itsuak bagina bezala bizi gara, Jainkoak berak uki gaitzan uzten dugun arte. Bere presentziak gure bizitzan bihotza aldatzen digu eta begi berriak ematen dizkigu, ikusi ahal izateko eta errealitatea sakontasunez eta egiaz ezagutzeko.

Horretarako ezinbesteko jarrera: «Hemen naukazu, ene Jainko, irekia eta babesik gabe, aurretik ezagutzen ez dudanerako prest».
 

Zabal, otoi, Jauna, nire begiak

Zabal, otoi, Jauna, nire begiak,
ikus ditzaten zure bihotzaren miragarriak.
Bide-bazterrean bainago itsu,
senda nazazu:
Zu, nire Jauna, Zu ikus zaitzadan.

Zabal, otoi, Jauna, nire eskuak:
beude zabalik
ta piztu bitzate bihotz ahulduak.
Gaitz guztien gaindi, noan Zurekin;
har ni eskutik, gurutzera ere joan ahal nadin.

Zabal, otoi, Jauna, nire bihotza,
entzun dezadan,
behartsuen deian, Kristoren boza.
Askorentzat, Jauna, Zu hila zaude;
egon nirekin: inoiz gal ez nadin pitz nigan fede.
 

Gurekin bidean, gurekin Jauna

Gurekin bidean, gurekin Jauna;
zurekin bidean dena da ona.

Bihotza lasai, gozo, ez beldur, ez izu,
Jauna, bidean onez zuk garamatzazu.
Gure bide zailetan on bete zara zu,
eroriko bagina, jasoko gaituzu.

Bidea luzea da, bihotza ezinez,
gogoa egarritan, esperantza minez.
Zu gurekin bazatoz, zeure eraginez
aurrera joan gaitezke zailtasunen gainez.

Eskerrik asko, Jauna, ona zarelako,
beti gure arduraz erne zaudelako.
Zure bide libre hau ez dugu lagako,
Jauna, zu beti geldi gurekin bertako.
 

Ernestina de Champourcín-en poema

Egun batean begiratu zenidan, Pedrori begiratu zenion bezala…
Nire begiek ez zintuzten ikusi, baina zerua sentitu nuen
nire eskuetara jaisten.
A zer isiltasun-lehia bizi izan zuten gauean
zure maitasunak eta nire desioak!
Egun batean begiratu ninduzun, eta oraindik sentitzen dut
negar horren aztarna
barrutik erretzen.
Oraindik ere bidez noa, topaketa hura
amesten…
Egun batean begiratu zenidan, Pedrori begiratu zenion bezala.

 

Azken otoitza

Ene Jainko, hemen gaude
mila galdera egiten.
Aska gaitzazu, arren, galderentzako
irtenbide errazak bilatzetik.
Zatoz gurekin pausoz pauso.
Zutaz fio naiz, bilatzen zaituztenen gidari,
eraman handiko maitasun, ene Jainko.

Bilaketa

Artxiboak

Powered by mod LCA