Kreazioak Jainkoa erakusten du
Jainkoak edertasun du izen

Ederrak Jaunak egindakoak
(92. [91] Salmotik)

Bai eder, Jauna, Zu gorestea
eta zure izena, Goi-goiko, kantuz ospatzea,
goizean zure maitasuna iragartzea
eta gauean zure leialtasuna,
hamar hariko harpa eta liraz,
zitara-soinuz!

Pozez betetzen nauzu, Jauna, zeure ekintzaz,
poz-oihu dagit zure eskuek egindakoagatik.
Bai handiak, Jauna, Zuk eginak,
bai sakonak zure egitasmoak!

Ergelak ez ditu sumatzen,
zentzugabeak ez ditu ulertzen.

Niri, ordea, bufaloaren indarra eman didazu,
olio berriz igurtzi nauzu.
Nire begiek etsaiak ikustean,
nire aurka altxatzen diren gaizkileak ikustean,
nire belarriek hau entzuten dute:

«Zintzoa palmondoa bezala garatuko da,
Libanoko zedroa bezala haziko;
Jaunaren etxean landaturik,
gure Jainkoaren atarietan garatuko da.

Zaharturik ere emango du fruitua,
mardul eta heze iraungo du,
Jauna zuzena dela iragartzeko:
nire harkaitza, gaiztakeriarik ez duena».

 

Otoitzerako testua
(Genesis 1, 1-5)

Hasieran Jainkoak zeru lurrak egin zituen. Lurra mahas-mahas hutsa zen: leize handiaren gain ilunpea. Jainkoaren arnasa uren gainean zebilen. Eta Jainkoak esan zuen: Izan bedi argia. Eta izan zen argia. Ikusi zuen Jainkoak argia ona zela eta bereizi egin zuen ilunpetatik: argiari «egun» eman zion izen eta ilunpeei «gau». Honela, lehen eguna burutu zen.


Gogoetarako…

  • Testu hau irakurtzean, ez ezazu pentsa esalmolde zientifikoa denik. Ez duzu Jainkoa irudikatu behar batetik bestera «izakiak» sortzen edo egiten ibiliko balitz bezala. Hemen ematen zaiguna ez da deskripzio zientifikoa. Beste maila batean irakurri behar dugu, beraz, maila sinbolikoan.
  • Fededunok, Jainkoa den guztiaren iturburuan ikusten dugu, nahiz eta izaki bakoitzak bere izanbidea eduki. Kreazioak zer lege zientifiko jarraitu dituen ez zaigu une honetan asko inporta. Inporta zaiguna da, den guztiaren oinarrian eta iturburuan gure Jainkoa sumatzea, bere Espirituaz eta Arnasaz dena biziarazten, bere maitasuna erakusten eta den guztia maitasuna erakusteko aukera bihurtzen.
  • Beraz, izadia edo kreazioa «kontenplatzen» dugunean, Jainkoaren Misterioa «sumatzen» ari gara. Kreazioak Jainkoarekin topo egiteko bidea zabaltzen digu. Edertasuna Jainkoaren izenetako bat da. Eta kreazioaren edertasunak Jainkoa «sumatzera» garamatza, ondo eta barrutik begiratu ezkero.
  • Kreazioa mirestean, Jainkoa miresten ari gara. Eguzkiaren argiak Jainkoaren distira erakusten du. Mendien ikusmira zabalak Jainkoaren bihotz-zabaltasuna erakusten du. Izaki txikienen konplexutasunak Jainkoaren izaera aberatsa erakusten digu. Denetan Jainkoak bere seinalea utzi du grabatua.

Noski, hau guztia horrela ikusiko dugu fedezko begiradaz begiratzen baldin badakigu. Fedegabeak ere sumatzen du zerbait handiegia eta berezia izadiaren edertasunean, gainditzen gaituen zerbaiten errezeloa.

Fededunok, barruko zirrara horri otoitz bihurtzen utzi behar diogu: «Jauna, gure Jauna, bai miragarria zure izena lurbira osoan!». Zein ederra den, Jauna, egin duzun mundua, zure maitasunaren unibertso zabala! Zein eder zaren, Jauna!

  • Adiskide, zer sortzen zaizu zuri bihotzean kreazioa kontenplatzean?
  • Dena normala eta arrunta iruditzen zaizu? Dena gure mailakoa ikusten duzu?
  • Gainditzen gaituen zerbait ez al duzu sumatzen edertasun honetan guztian?
  • Eseri zaitez lur gorriaren gainean eta begira ezazu lurraren edertasuna. Hartu arnasa sakonki. Tarteka, itxi begiak eta barrutik kontenplatu. Utzi barruari libre.

 

Gero…, entzun ezazu «Abesten dizut, Jauna» edo «Argiaren lehen xirrinta» kantua. Edo irakur ezazu Bitoriano Gandiagaren poema «Biziaren Jainko».

 

Abesten dizut Jauna

Mundua eder egin duzulako
abesten dizut, Jauna.
Argia argi egin duzulako abesten dizut, Jauna.
Erreka garbi egin duzulako, abesten dizut, Jauna.
Muga gabeko itsasoagatik,
usain gozozko loreagatik,
goiko zeruaren urdinagatik, abesten dizut, Jauna.
Nire Aita zarelako,
nitaz ezin zarena aspertu,
gaur kitar honek alai abesten du
ta nire hitza hegan dihoakizu,
gaur kitar honek alai abesten du
ta nire hitza hegan dihoakizu.

Gizakia kreatu duzulako abesten dizut, Jauna.
Dena maitez babesten duzulako
abesten dizut, Jauna.
Gizakion Aita on zarelako abesten dizut, Jauna.
Eman diguzun maitasunagatik,
pobreak aintzat hartzeagatik,
gure esker txarra barkatzeagatik,
abesten dizut, Jauna.
Gure Aita zarelako,gu ezin gaituzuna baztertu,
gaur pobre honek alai abesten du,
bere sentimendua zuretzat du,
gaur pobre honek alai abesten du,
bere sentimendua zuretzat du.

 

Argiaren lehen xirrinta

Argiaren lehen xirrinta
Zuregandik sortu baita,
denak, Jauna, gaiten bil eta
zure aintza daigun kanta.

Zuk emanik dugu bizia,
Zuk emanik eguzkia.
Kantuz jaiki, mundu guztia;
Jauna-baitan pozkaria.

Lurpetik da Kristo jaikia,
altxaturik hilarria.
Hura lagun, gaiten abia
moldatzean Lur Berria.

Maitasuna dugun Aitari
denak etor gaur kantari,
goazen gero Kristo iduri,
emanez gar munduari.

 

 

Bitoriano Gandiagaren poema

Bizitzaren Jainko,
izaki oro
izakizkoz jantzi
duzu
ta bizidun oro
bizikizkoz;
egitea eta eragitea
darizkizu-
-dagozkizu
egite eta eragite
etengabekotan;
ibilian darabilzula dena
betidaniko jardutean dirauzu,
sortu duzunari
bere bidea jarrai dezan
zirkina erantsi diozularik,
sorkari bakoitzari dagokion
abiada zainduz,
izaki orok bere bidea ibili ahal dezan eginez,
bizidun orok bere bizimodua bizi ahal dezan lagunduz,
gizaki orok gizatasuna bizi ahal dezan nahiz;
gizatasuna biziz, goza ta laztandu dezan irrikatuz;
gizatasuna ikasi eta irakas dezan
agintzen aspertu gabe ta aspertzeraino aginduz;
gizatasuna izaki orok bizitzazko betetasun dezan,
Zeu Jainko bizi horrenganako
esker on eta atseginezko
gorespen kantuz bizitzeraino.

 

Eta, bukatzeko, patxadan esan ezazu salmo hau:

Jainkoaren handitasuna eta gizakiaren duintasuna
(8. salmoa)

Jauna, gure Jauna,
bai miragarria zure izena lurbira osoan!

Zeruak baino garaiago den zure handitasuna
goratuko dut
umetxoen eta bularreko haurtxoen ahoz.
Sendo oinarritu duzu zeure gaztelua etsaien aurka,
etsai mendeku zaleak isilarazteko.

Zure eskuen lana den ortzia
eta sortu dituzun ilargi-izarrak ikusita,
zer da gizakia, Zu hartaz oroitzeko,
zer gizasemea, Zu hartaz arduratzeko?
Ia jainko baten pareko egin duzu,
aintzaz eta distiraz koroatu;
zeure eskulan guztien buru ipini duzu,
denak haren menpean jarri dituzu:

ardi eta behi-taldeak,
baita basapiztiak ere,
zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,
itsasoan dabiltzan guztiak.

Jauna, gure Jauna,
bai miragarria zure izena lurbira osoan!

Bilaketa

Artxiboak

Powered by mod LCA